XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BALIAKIZUN NATURALA: kontzeptua

Gizakiak bere onurako erabiltzen duen edozein gai lurtar.

Hala ere, zentzu zabalago batetan hartuta, atmosfera-hidrosfera-litosferako gaiak (ura, elikagaiak, metaleak, erregaiak...) ezezik, inguru fisikoak eta beronen aldaketek gure osasunean eta intelektoan daukaten zeregina ere sartu beharko genuke kontzeptu honetan.

Hau honela, naturako gai batek gizakiarentzat interes eta balioa daukan momentuantxe hasten da gai hori baliakizuna izaten.

Baina, bestetik, interes eta balioa dinogunean ekonomiaz ari gara, hau da, gai natural batek balioa izango du ekonomikoki hustiragarria denean, bestela ez; eta horretarako teknologia egokia behar da.

Beraz, katea da eta kate honetan garrantzi handia hartzen du zientziak, azken finean berau baita teknologia egokia lortzeko kapaz dena.

Hau dela eta, baliakizun kontzeptua aldakorra gertatzen zaigu eta egun guretzat baliorik ez duen gai bat (beraz, baliakizuna ez dena) bihar balio handikoa izan daiteke horren hustirakuntza ekonomikoki posible egingo duen teknologia bilakatzekotan.

Adibidez, hasierako petrolioa kriseiluetan eta labanerazgai bezala baino ez zuten erabiltzen; makina konplexuagoak asmatu behar izan zituzten, gasolinaz ibiltzekoak, petrolioa baliakizun nagusi bilaka zedin.

Era berean, hiri industrialetako zikinkeriak leku txukun eta baketsuen bila bialdu du jendea, eta lekuok baliakizun bihurtu dira.

Eta berdin ura eta beste asko.

BALIAKIZUN NATURALEN UGARITASUN ETA ESKURAGARRITASUNA

Gizakiak bere onurako erabiltzen dituen gaiak ezin ditu edonondik atera, non eta zenbat dauden jakin arren.

Muga bat aurkitzen du: Lurra bera.

Goiko azaletik (atmosfera, hidrosfera eta litosferako gainazala) baino ezin ditu baliakizunak lortu, eta horrek planetaren masa osoaren 0.40 %-a baino ez da.

Atmosferako behekaldeak (Homosfera) konposaketa ezaguna eta eraberdinekoa dauka: N(78%), O(21%), Ar(0.9%), beste batzu (0.1%).

Hauetariko batzuren erabilpenak ez luke aldaketa handirik ekarriko, beraz, potentzialki, baliakizun-iturri mugagabetzat jo genezake atmosfera.

Hidrosferak uraz aparte beste baliakizun garrantzizkoak dauzka: Sodioa (Na), Kloroa (Cl), Magnesioa (Mg), Sufrea (S), Kaltzioa (Ca), Potasioa (K)... elementu hauek, eta erreka-ibaien bidez, disolbatuta heltzen dira ozeanoetaraino.

Hor aipatutakoen artean (6 elementu) ozeanoetako uretan disolbaturiko solidoen 99.5%-a osotzen dute.